17 de septiembre de 2014

Ramon Esnaola gogoratuko dugu larunbateko kontzetuan

2013ko urriaren 8an hil zen Ramon Esnaola, txistularion maisu eta konpositorea izandakoa. Hori dela eta, aurtengo txistularion kontzertuan gogoan izan nahi dugu eta emanaldiko zatitxo bat berari eskaini nahi diogu.

Ramon lagun handia eta maisua izan zen Urretxuko txistulariontzat: berak erakutsi zigun gutako askori txistua jotzen. Batzuei 1960. urtearen inguruan, Urretxuko Txistu Taldea sortzera zihoanean eta beste batzuei, 20 urte beranduago, Secundino Musika Eskolako irakasle izan zenean.

Horrez gainera, konpositorea ere izan zen. Biribilketa, zortziko, arin arin eta fandango ugari sortu zituen txistuarekin joko zirela pentsatuz eta Urretxuko leku eta baserrien izena jarri zien. Musika bandarekin jotzeko pare bat pieza ere idatzi zituen. Lan horiekin guztiekin, diskoa atera genuen 2010. urtean (taldearen 50. urteurrenean) Ramon Esnaolaren musikak izenpean.

Horregatik guztiagatik, larunbatean, irailaren 20an egingo dugun txistularien kontzertuan, gogoan izango dugu eta berak konposatutako hiru pieza joko ditugu: "Beidakar" fandangoa, "Iturbe" arin arina eta "Lizarriturri" biribilketa.

Ramonen familia ere gure artean izango dugu gau horretan, bera urtero urtero egoten zen bezala.


No hay comentarios:

Publicar un comentario